Hizkuntzarekiko helburuak
Helduak euskalduntzea
Gure helburua Euskal Herria euskalduntzea eta euskararen erabilera bultzatzea da, eta gure lan esparrua helduak euskalduntzea da.
Hiztunak sortzea
IKAk euskaldunak, euskaraz biziko diren hiztunak, sortzea du eginbidea.
Hizkuntzaren kalitatea bermatzea
Euskara batua dugu langai eta tresna; halere, tokian tokiko euskalkiak ere sustatzeko beharra ikusten dugu. Euskararen normalizazioa lortzeko bidean, Gasteizko IKAren jomuga ikasleek euskara egokia erabiltzea da. Horretarako, Gasteizko IKAn ahalegin berezia egiten dugu komunikazio-gaitasuna eta ahozko baliabideak lantzen, ikasleek hizkuntzaren bizitasuna eskura dezaten, komunikazioa egokiro lor dezaten eta, orobat, erabiltzen duten euskara ona izan dadin.
Irakaskuntzarekiko helburuak
Ikas eta Ari
Bi hitz hauek biltzen dute Gasteizko IKAren irakaskuntzaren izaera eta funtsa: Ikas eta Ari. Euskaraz aritzeko ikasi, eta euskaraz arituz ikasi. Gure ikasleak ikas-prozesuaren hasiera-hasieratik hasten dira mintzatzen, ikasten dutena praktikan jartzen.
Eraginkortasuna
Irakaskuntzaren helburua ahalik eta euskaldun gehien sortzea da, ahalik eta azkarren sortu ere. Helburua betetzearren, irakaskuntza atsegina, erakargarria eta parte-hartzailea lortzea ezinbesteko baldintza da.
Berdintasunaren alde eta bazterkeria guztien aurka
Pertsona guztien berdintasuna bultzatu eta eskubide guztiak bermatzeko ardura hartu dugu geure gain Gasteizko IKAn; horrenbestez, bazterkeria guztien aurka gaude, dela sexu, arraza, ideologia edota erlijio arrazoiengatik. Horren isla material didaktikoan, ikasgelako jardunean zein irakasleon eta ikasleen arteko harremanetan ematea dugu eginkizun.
Parte-hartzailea
Ikasleak ikas-prozesuaren ardura bere gain hartzea ezinbesteko osagaia da ikaskuntza eragingarria izateko. Ikasgelan egiten diren jardueretan eta hartzen diren erabakietan parte hartu beharra dauka, ikaskideekin elkarkidetzan eta gizalegez. Euskaltegian partaidetza bultzatu eta ziurtatu egin behar dugu.