IKA Nafarroako eta Arabako zenbait euskaltegik osaturiko koordinakundea da. IKA 1989an sortu bazen ere, bertan biltzen garen euskaltegiok aspaldi ari gara euskalduntze eta alfabetatze lanetan.
Nafarroan eta Araban honako leku hauetan ari gara lanean:
- Araban: Gasteizen, Errioxan (Lapueblan, Bastidan, Biasterin, Oionen, Bianan eta Mendabian), Gaubean eta Maeztun.
- Nafarroan: Iruñerrian (Iruñean, Barañainen, Atarrabian, Mendillorrin eta Ermitagañan), Bortzirietan (Lesakan eta Beran), Malerrekan (Donezteben) eta Leitzaldean (Leitzan, Larraunen, Basaburuan eta Imotzen).
Gasteizko IKAn euskararen irakaskuntza da irakasleon lan nagusia. Horretaz gain, euskaltegiaren funtzionamendu egokia ziurtatzea ere irakasleoi dagokigu.
Ikasgelako jarduna eskolak ematea baino zabalagoa da. Irakaskuntzaren betebeharra ere bada, besteak beste, ikasleen arteko harremanak bideratzea eta sendotzea, taldean giro egokia sortzea, ikasleen motibazioa indartzea, ikasleei laguntza eta aholkuak ematea, ikasleen jarraipena egitea, eskola dinamikoak eta atseginak lortzen ahalegintzea, euskararen erabilera sustatzea, ikasleen parte hartzea bultzatzea eta eskolaz kanpoko ekintzak bideratzea. Aipaturiko alderdiak egokiro zaintzeak eragin zuzena du ikasleen atarramentuan eta satisfazio-mailan.