KulturIKA 2012 - HITZALDIA
Palestina, bizirautera kondenatutako herria
Palestina bizirautera kondenatutako herria dugu. Azken 64 urte luze hauetan erbestea, okupazio militarra, lurraren lapurreta eta baliabide naturalen ustiaketa pairatu izan dute, eta hala ere, irauten dute. Egunez egun uko egiten diote desagertzeari. Palestinarrak mundu osoko hedabideen jomuga ditugu, baina arreta mediatiko hori guztia izanagatik, aldi berean, inkomunikazio harresi batez daude inguratuta. Isiltasun hesi hori urratze aldera, urtez urtez, brigada internazionalistek Palestina inguruko porlanezko horma gainditzen dute hangoen bizimoduaren eta aldarrien testigantza emateko. Koldo Sagasti lekuko ezeroso horietako bat dugu. 2004an ibili zen lehen aldiz Palestinan brigadista lanetan eta geroztik inkomunikazioaren harresiak birrintzen dihardu, Hala Bediko mikrofonoetatik, GAUR8ko orrialdeetatik, zein Komite Internazionalistetako militantziatik. Bere solasean, Ekialde Hurbileko gatazka ulertzeko zenbait gako historiko eta geoestratiko argitzeaz gain, palestinarren eguneroko bizimoduaren eta bere bidaietan jasotako esperientzien berri emango digu. Komunikabideek kontatzen ez dizuten Palestinako aurpegia ezagutzeko gonbitea, brigadista baten begiradaren bidez.